Oihane Amantegi idazlearekin bisitaren ondoren, ohiko saioekin jarraituko du maiatzean Galtzaundiren irakurle taldeak. Hurrengo hitzordua maiatzaren 18an izango da, 19:00etan, eta Tolosako Kultur Etxean egingo da. Oraingoan, jaiotzez belgikarra den Amelie Nothomba idazlearen Hodien metafisika eleberria izango da irakurgaia; idazleak bere burua japoniartzat badu ere, mendebaldeko ikuspegitik idatziriko eleberria da Métaphysique des tubes, 2000. urtean Albin Michel etxean argitaratutakoa. Euskarara Garazi Arrula Ruizek itzuli du lana eta saioa, ohiko moduan, Yurre Ugartek gidatuko du.
«Hasieran, ez zegoen deus. Eta deus hori ez zen ez hutsa, ez nahas-mahasa: aski zuen bere buruarekin. Eta Jainkoak hori ona zela ikusi zuen». Horrela hasten da Amélie Nothomben liburu hau, euskarara ekarritako hirugarrena. Genesia datorkigu gogora, hori baita eleberriko lehen aipu intertestuala, besteak beste, Heraklito, Aragon eta Tintin lotzen dituen kate luze bateko lehena.
Gerra osteko Japonian kokaturiko liburua da esku artean dugun hau; garaian, mendebaldeko okupatzaileak (estatubatuarrak, bereziki) garaile eta nahieran ibili ziren herrialde suntsituan. Hain zuzen, mendebaldarrak izan ziren japoniarrentzat aberastasuna, boterea, kultura eta, nahi bada, edertasunaren irudia.
Liburuari buruzko zenbait erreferentzia hemen.
Saiora joan ahal izateko izen-ematea
Hitzordua guztiz irekia bada ere, saioan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, beheko formularioa bete behar da eta ondoren, emailez bidaliko dira saioan parte hartzeko jarraibideak. 10 pertsonako muga jarri da saioan.