Albizturren euskararen egoeraz hausnartuko dugu

Eskualdeko ia herri guztietan eman dugu euskararen egoeraren berri eta ‘Euskaraz bizi a(ha)l gara?’ hitzaldi zikloa amaitzeko bi hitzordu besterik ez dira geratzen. Datorren astean, Albizturren izango gara Galtzaundi Euskara Taldeko kideak. Albizturko saioa maiatzaren 24ean, osteguna, izango da, 18:00etatik aurrera udaletxeko aretoan. Bi galdera formulatuz herriko eta eskualdeko euskararen egoerari buruz hausnartzea izango da saioen helburu nagusia: Posible al da gure inguruan euskaraz bizitzea? Euskaraz bizi al gara?

Bi galdera horiek erantzuteko asmoz, euskarak Tolosaldean eta gure herrietan duen egoeraz hitz egingo dute Galtzaundiko kideek. Hitzaldian bertan, Hizkuntza Erabileraren Kale-Neurketak eskualde mailan eta herriz herri emandako azken emaitzak azalduko dira eta 2018an martxan jarriko den Euskaraldia egitasmoari buruzko xehetasunak ere aipatuko dira.

ALBIZTUR

Eguna: Maiatzak 24, osteguna

Ordua: 18:00

Lekua: Udaletxeko aretoa