Abizenak euskalduntzeko kanpaina

‘Abizena ere euskaraz’ lelopean, abizenak euskarazko grafiaz jartzeko deia egin dute Tolosaldeko 23 udalek, Galtzaundik eta UEMAk. Eskualdean asko baitira oraindik erdarazko grafiaz idazten diren euskarazko abizenak. Malcorra, Otegui, Aramburu, Achucarro, Urretavizcaya, Goicoechea, Echeverria, Bengoechea… ‘Abizena ere euskaraz’ kanpainarekin herritarrek abizenak modu ofizialean euskaraz jartzea sustatu nahi da, eta horretarako, zein pauso eman behar diren azalduko dute Galtzaundik eta UEMAko kide diren Tolosaldeko 23 udalek: Aduna, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkil.

Deialdia batez ere guraso izateko bidean direnei edo 18 urtetik beherako seme-alabak dituztenei egin diete. Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratua geldituko zaie.

Bideoa: Izenak badu izana

Abizenak euskalduntzeko behar diren agiriak

Euskal abizenak izanez gero, baina agiri ofizialetan erdal grafian idatzita badaude, erraza da horiek aldatzeko egin beharrekoa. Erroldatutako udaletxean edo Erregistro Zibilean egin daiteke. Batean zein bestean, hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:

· Nortasun Agiriaren fotokopia.

· Jaiotza ziurtagiria. Erregistratuta zauden herriko udaletxean edo epaitegian eskatu behar da.

· Errolda agiria. Udaletxean eskatzen da. Baita online ere.

· Familia liburua.

Aldaketa egiteko lekuak, herriz herri

· Aduna: Udaletxean. udala@aduna.eus / 943 69 25 71
· Alegia: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
· Alkiza: Asteazkenetan, 12:00-14:00, udaletxean.
· Altzo: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
· Amasa-Villabona: Udaletxean, astearte, asteazken eta ostiraletan, 10:00-13:00.
· Amezketa: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
· Anoeta: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
· Asteasu: Udaletxean. Ostiraletan, 10:00-12:30 / 943 69 19 07
· Baliarrain: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
· Berastegi: Asteartetan, 9:00-14:00, udaletxeko bake epaitegian.
· Berrobi: Astelehenetan, 12:00-14:00, udaletxeko bake epaitegian.
· Bidania-Goiatz: astearteetan eta ostegunetan goizez / asteazkenetan arratsaldez, udaletxean.
· Elduain: Asteazkenean, 12:00-14:00, udaletxean.
· Gaztelu: Astelehenetan, 09:00-11:00, udaletxean.
· Ibarra: Udaletxeko bake epaitegian. Asteazkenetan 9:00-11:30. Ostegunetan 9:00-14:00. Ostiraletan 9:00-14:00.
· Ikaztegieta: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
· Irura: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
· Leaburu-Txarama: udaletxean, udal bulegoko ordutegian
· Lizartza: Lizartzako udalean, astelehen, asteazken eta ostiraletan
· Orendain: ezkerra.a@justizia.eus / 943 24 65 38
· Orexa: udaletxean, udal bulegoko ordutegian
· Tolosa: Erregistro zibilean.
· Zizurkil: Amasa-Villabonako udaletxean, astearte, asteazken eta ostiraletan, 10:00-13:00.

Abizenak euskalduntzerakoan sortu ohi diren ohiko galderen erantzunak.
Iturria: agerraldia.eus


Abizena nahi dudan moduan idatz dezaket?

Epailearen irizpidea da. Normalean Euskaltzaindiaren irizpidea jarraitzen da. Euskaltzaindiaren liburuan Muxika agertzen da baina zenbait kasutan (Muxika, Mujika…) forma desberdinak onartu izan dira. Hala ere, abizen-aldaketa gisa izapidetu daiteke aldaketa eta, kasu horretan, Erregistroen eta Notarioen Zuzendaritza Nagusiak erabakitzen du aldaketa onartuz edo ezetsiz.

Gurasoena aldatuta seme-alabena zuzenean aldatzen al da?

18 urtez azpikoetan bai. 18 urtez gorakoetan, Erregistrora joan eta adierazi egin behar dute beraiek ere aldatu nahi dutela, baina ez dute tramitazio guztia egin behar.

Anai-arreba guztiek aldatu behar dute nahitaez?

18 urtez azpikoek bai. 18 urtez gorakoetan bakoitzak erabakitzen du.

Behin aldatuta, zer pauso jarraitu behar dira? Non islatzen da aldaketa?

Epaitegiak, ofizioz, honako tokietara bidaltzen du: Udalera, Hauteskunde Zentsura, Poliziaren eta Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusira… Hala ere, gero NANa berritzeko txanda hartu eta gero “hitzez hitzeko jaiotza agiria” eskatu behar da dagokion erregistro edo epaitegian. Eskaera egiterakoan NANa berritzeko dela esan behar da, epaitegiak horretarako bakarrik balio duen agiria emateko.

Eskatzaileak lehengo grafiarekin dauzkan agiri guztiak berriz egin behar dira? Adibi. Unibertsitateko tituluak…

Jaiotza, ezkontza eta seme-alaben jaiotza-agirietan aldaketa epaitegietan bertan bideratzen da, ofizioz, jaraunsletza edo herentzietan arazorik ez izateko. Gainontzeko kasuetan bakoitzak ikusi behar du. Berez, gomendagarria da ahal den toki eta agiri gehienetan aldaketa egitea.

Gazteleraz diren abizenak aldatu daitezke euskal grafiara?

Epailearen baitan geratzen da. Lehen esandako moduan, printzipioz, euskal abizenen kasuan, Euskaltzaindiaren “Deitura-izendegia” jarraitzen da. Bertan honakoa adierazten da: “Euskal deituratzat, edozein hizkuntz jatorritakoa izanda ere, Euskal Herrian sustraitu dena jo da, nahiz esku artean duzuen lehen liburuki honetan euskal jatorrikoak ez diren gehienak agertzen ez diren.” Zalantza kasuan, onena Euskaltzaindiari galdetzea da. Edozein kasutan, lehen esandakoa, epailearen baitan geratzen da erabakia.