Joan den igandean, Zaldunita egunean, Tolosako Renfeko segurtasun agente batek EHE Euskal Herrian Euskarazeko bi kide mehatxatu eta erasotu zituen, euskaraz hitz egiteko eskatu ondoren. Eragile euskaltzaleko kideei elkartasuna emateaz gain, euskaldunon aurkako erasoa dela salatzeko ere, EHEk euskaltzaleak deitu ditu Tolosako Renfeko geltoki parean elkartzera, ostegun honetan, 19:00etan.
Joan den astelehenean, Astelenita egunean, zabaldu zen berria: EHEk jakinarazi zuen tren geltokiko segurtasun agente batek «eraso» egin ziola gazte bati, mutilak euskaraz hitz egiteko eskatu ostean. Geroago, jakin zen gazte hori adiskide batekin zegoela, eta biek eman zuten gertatutakoaren berri.
Eragile euskaltzaleak adierazi du segurtasun agentea euskaldunon aurkako mezuak oihukatzen hasi zela: «Renfeko kideak esan zuen berari euskaraz ez hitz egiteko, eta nabarmendu zuen ‘Hau Espainia’ dela. Hori gutxi ez, eta EHEko kidea lurrera bota eta denbora batez mugitu ezinik egon zen».
Ostegun honetako elkarretaratzearen leloa hauxe izango da: Euskaldunon aurkako erasorik ez! Justizia euskararentzat.