2025etik 2034ra arteko Tolosako Hizkuntza Politikako Plan Estrategikoa aurkeztu dute gaur Tolosako Udalak, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Galtzaundi Euskara Taldeak. Datorren hamarkadarako bide-orria izango da, eta asteleheneko osoko bilkuran aztertuko dute hura onartzea. 160 egitasmo biltzen ditu, helburu argi batekin: euskara gaitasuna handitzea eta erabilera indartzea, euskara izan dadin Tolosako ohiko hizkuntza.
Plan estrategikoa ez da Udalarena bakarrik, elkarlanean osatutakoa baizik. Eskuz esku aritu dira aipatutako erakundeak eta eragile sozialak.
Plana definitzerakoan, «anbizioa eta erantzukizuna» aipatu ditu Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetakoa da Tolosaldea, eta horrek aukera ematen digu hizkuntza-politikan pausoak emateko, baina erantzukizuna ere bada: ardura daukagu urrats aurrerakoiak egiteko. Izan ere, Tolosan eta Tolosaldean ez bada, non?».
Diagnostikoa aberasteko, udaberrian partaidetza prozesuak ireki ziren: alde batetik, galdera ireki bat egin zitzaien herritar eta eragileei, eta, bestetik, zazpi interes talderekin talde eztabaidak egin ziren. Prozesu horietan 80 herritar eta eragilek baino gehiagok egin dituzte proposamenak. Behin plan berria landuta, adituekin eta eragileekin ere kontrastatu da.
Bide horretan, helburu osagarriak zehaztu dira: euskararen transmisioa ziurtatzea, ikasleen gutxieneko euskara gaitasuna bermatzea, euskal hiztun aktibo gehiago izatea, euskaratik urrun dauden herritarrak hurbiltzea, euskaraz bizitzeko aukera handiagoa ematea, arnasguneen beheranzko joera etetea, euskararen eta euskal kulturaren prestigioa handitzea, eta ingurune digitalean euskarazko edukien eskaintza eta eskaera areagotzea.
Bost ardatz estrategiko
Planak hedadura zabala du: bost ardatz estrategiko, 39 lan ildo eta 160 egitasmo. Gobernantza, jarrera eta motibazioa, ezagutza eta gaitasuna, erabilera, eta ikerketa dira bost ardatzak. Tolosako Udalak xehatu ditu horiek denak.