- Tolosaldeko arrandegi guztiek hartuko dute parte “Gurea bai freskoa!” kanpainan.
- Arrainen izenak euskaraz jartzeko etiketa bereziak sortu dira arrandegietarako.
- Azaroaren 5etik 23ra opari-txartelak zozketatuko dira arrandegietako bezeroen artean.
Euskararen erabilera areagotzea helburu, “Gurea bai freskoa!” kanpaina jarri du martxan Galtzaundi Euskara Taldeak. Amasa-Villabonako, Anoetako, Ibarrako, Tolosako eta Zizurkilgo arrandegi guztiek parte hartuko dute kanpainan.
Euskararen erabilera indartzeko, arraindegietako idatzietan euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartzeaz gain, ahozkotasunean ere eragingo dute arrandegiek. Eguneroko erosketak euskaraz egin ahal izateak, euskara saltokietako idatzietan ikusteak, balioan jartzen du gure hizkuntza. Horrenbestez, ohiko arraien hiztegia osatu da eta etiketak euskarazko izenekin sortu dira. Arrandegiek egindako aldaketa horiek bistaratzeko, azaroaren 5etik 23ra “Gurea bai freskoa!” kanpaina jarriko da martxan. Data horietan 25 euroko bi opari-txartel zozketatuko ditu arraindegi bakoitzak.
Kanpainaren bitartez eskariak eta erosketak euskaraz egitera gonbidatu nahi dira herritarrak. Gaurtik aurrera, ohiko arrainen izenak dituzten etiketak ikusi ahalko dira saltokietan eta bezeroei ere arraien izenak euskaraz jasotzen dituen esku-orria banatuko zaie.
Kanpainan parte hartuko duten arrandegiak:
- Amasa-Villabona: Sagastume.
- Anoeta: Anoeta.
- Ibarra: Bikoitz.
- Tolosa: Belen, San Sebastian, Kaia eta Sanz.
- Zizurkil: Zubeldia.
Kanpaina ikusarazi eta herritarrak informatzeko, promoziorako bideo bat ere zabaldu du Galtzaundik eskualdeko zinema aretoetan eta sare sozialetan. Kanpaina honek eskualdeko udalen, merkatari elkarteen, Diputazioaren eta Jaurlaritzaren babesa jaso du.