XX. mendearen erdialdera arte euskarari eta euskal landa-eremuari oso lotuta egon da Gau Beltza. Tradizio hori baliatu nahi izan du Galtzaundi Euskara Taldeak, Gau Beltzari indarra emateko.
Horregatik guztiagatik, aurten ere Gau Beltzari ikusgarritasuna eman nahi izan dio Galtzaundik baina aurten beste modu batera. Azken bi urteetan beldurrezko ibilbide bat antolatu izan da Tolosako Elosegi Parketik zehar, baina, aurten, Gau Beltza herriaren erdialdera eta adin guztietara gerturatu nahi izan du Galtzaundik. Horretarako, Misteriozko Kale Antzerki bat antolatu da Tolosako alde zaharrean zehar. Ibilbidea Euskal Pizkundea plazan hasiko da, eta dantzariek, abesbatzako kideek eta aktoreek gidatuta alde zaharrean zehar arimen inguruko istorio bat kontatuko da, iluntasunak lagunduta.
Misteriozko Kale Antzerkian parte hartzeko ez da izena eman beharko eta, aurreko urteetan ez bezala, oraingoan, txanda bakarra egongo da. Beraz, nahikoa izango da egunean bertan 20:00etarako Euskal Pizkundea plazara azaltzea.
Mozorrotu zaitez Gau Beltzeko jantziekin
Gerturatzen diren haurrei zein helduei, Gau Beltzeko jantziekin mozorrotzeko deia ere egin dio Galtzaundik. Polita da herritarrak antzerkian murgiltzen direla ikustea, baita Gau Beltza geroz eta presenteago dugula ikustea ere. Jantziez gain, ibilbidera, lurra jotzeko makilak ere ekartzeko deia egin du Galtzaundik.
Misteriozko Kale Antzerkiaren antolaketan parte hartu dute Galtzaundi Euskara Taldeko kideek, Udaberri dantza taldeko kideek, Tolosako Ahots Gazteak abesbatzako kideek, eta eskualdeko hainbat antzerkigilek eta euskaltzalek. Aldi berean, ekimena gauzatzen lagundu dute Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.