Arkeologia izango da protagonista Sormenetik-en

Urriaren 12an izango da Sormenetiken urteko bigarren saioa. Sormenari eta euskal kulturari buruz gogoeta egiteko saioak izan ohi dira Tolosako Zerkausiaren azpialdean antolatzen direnak. 2024ko bigarren saioa urriaren 12an egingo da eta oraingo honetan, arkeologiari emango zaio tartea. Horretarako, Juantxo Agirre, Leire Malkorra eta Mattin Aiestaran elkarrizketatuko ditu Fernando Rojok. Hitzordua 12:00etan hasiko daTolosako Zerkausiko azpialdean TAK arraun klubak duen gunean.

Zer da Sormenetik?

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetiken bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria eman nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du.