Irailaren 30ean izango da Sormenetiken urteko bigarren saioa. Sormenari eta euskal kulturari buruz gogoeta egiteko saioak izan ohi dira Tolosako Zerkausiaren azpialdean antolatzen direnak. 2023ko bigarren saioa irailaren 30ean egingo da eta Martxelo Otamendi kazetari ezaguna izango da hitzorduko protagonista. Elkarrizketa eta musika uztartuko ditu saioak eta Otamendiren bizitzaren eta bizipenen inguruan jarduteko parada polita ere izango da. Hitzordua 12:00etan hasiko da, Tolosako Zerkausiko azpialdean TAK arraun klubak duen gunean.
Zer da Sormenetik?
Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetiken bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria eman nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du.