-
10 euro bueltan jasotzeko aukera izango dute Senperera joan ez zirenek.
-
Dirua jasotzera etortzen ez direnen eta autobusen antolakuntzatik jasotako irabazi guztia, Herri Urratsen antolaketan sortutako galera ekonomikoari aurre egitera bideratuko du Galtzaundik.
-
Seaskaren deialdiarekin bat egin eta deialdi zabal bat egiten dio Galtzaundik Tolosaldeko jendarteari, Seaskari aurrera egiten laguntzeko, ekarpen ekonomikoak eginez.
Eguraldiaren ondorioz, aurtengo Herri Urrats ez da ohikoa izan. Larunbatean, festa bertan behera utzi ala ez zalantzan egon ziren antolatzaileak eta azkenean festarekin aurrera egitea erabaki zen. Egoerak nahasmendua eta zalantzak sortu zituela ikusita, Senperera joateko autobusean izena eman baina gero joan ez zirenei, dirua bueltan jasotzeko aukera ematea erabaki du Galtzaundi Euskara Taldeak. Izena eman zutenei 10 euro bueltatuko zaizkie eta asteazkenetik ostiralera egongo da dirua jasotzeko aukera izena emandako puntuetan. Aldi berean, Galtzaundik jakinarazi nahi du autobuseko dirua jasotzera etortzen ez direnen eta autobusen antolakuntzatik jasotako irabazi guztia, Herri Urrats normaltasunez ez ospatzeak sortutako galera ekonomikoari aurre egitera bideratuko duela.
Ildo beretik, Seaskaren deialdiarekin bat egin eta deialdi zabal bat egiten dio Galtzaundik Tolosaldeko jendarteari, Seaskari eta Ipar Euskal Herrian euskara ikasteko hautua egiten duen proiektuari aurrera egiten laguntzeko. Ekarpen ekonomikoak egiteko bideak zabaldu ditu Seaskak eta honako hauek dira:
- herriurrats.eus/denda web orrialdean sartuta eta materiala erosita.
- Bizum bidez (Hego Euskal Herrian soilik). Dohaintzak egiteko atalera sartu, bilatzailean ‘HERRI URRATS’ idatzi eta ekarpen ekonomikoa eginda.
- Honako kontu korronte hauetan dirua sartuta:
– Caisse d’épargne FR76 1333 5000 4008 9397 1116 819
– Laboral Kutxa ES87 3035 0059 8205 9073 1197
– Kutxabank ES98 2095 5045 8710 6117 7332
– Crédit Mutuel FR76 1027 8023 8500 0201 4340 107
- herriurrats.eus/laguntza atalean sartu eta PayPal sistema erabilita.