Ezaugarri partikularrak dituen pertsonez osatuta dago gizartea. Ezaugarri bakoitza da garrantzitsua, beste edozein baino gehiago edo gutxiago izan gabe. Partikulartasun horretatik bizitzeak eta bestearena errespetatzeak egiten gaitu gizatiar. Denok dugu zer esan, eman eta jasotzeko eskubidea.
Errealitatea ordea bestelakoa da, ezaugarri sozial, politiko eta kulturalek baldintzatu eta mailakatu egiten baitute pertsonen arteko harremana: izan lan harremanak, sozialak eta familia artekoak. Martxoaren 8ko greba feministen egun honetan, euskalgintzak ere, feminismoekin batera, oinarrizko eskubideen aldeko aldarria egiten du: euskal hiztuna eta emakumea menpeko egoeran baitaude.
Gizarte osoaren barne arazoa da. Horregatik, aliantzak batu eta era kolektiboan lan egiteko ardura dugu. Feminismoak eta euskaltzaletasunak biak batera, harantzago pentsatzeko gaitasuna ematen digute, jasaten ditugun menderakuntza faktore guztiak indargabetu, guretasun horretan ahaldundu eta elkarrekin berdintasunean eraikitako gizartea sortzen jarraitu dezagun. Beraz, Galtzaundiko lan-taldea osatzen dugun emakumeok ere bat egingo dugu martxoaren 8ko greba feministarekin eta Tolosan deitutako mobilizazioetan parte hartuko dugu.
Galtzaundiko lan-taldeko emakumeak