Urgentziazkoa eta guztiz kezkagarria da Tolosaldeko osasun zerbitzuan euskarak duen egoera. UEMAk berriki egindako azterketak bistaratu du herritarrek genuen pertzepzioa zuzena zela: Tolosaldean ez daukagu bermatuta euskarazko osasun arreta eta are gehiago, etengabe hizkuntza-eskubideen egiturazko urraketak jasaten ditugu. Euskal Herriko eremu euskaldunenetakoa da Tolosaldea eta bertako biztanleoi bideratutako osasun zerbitzu publikoek guztiz bermatu beharko lukete eskualdeko biztanle orok euskarazko asistentzia jasotzea osasun zentro guztietan.
Izan ere, Tolosaldeari %74ko derrigortasun-indizea dagokio osasun zerbitzuen hizkuntza eskakizunei dagokionean, hau da, osasun arloko lanpostuen %74k izan beharko lukete hizkuntza eskakizuna betetzeko data jarrita. Gaur egun %60an dago betekizun hori. Hala ere, esparru batzuetan egoera hobea bada ere, are nabarmenagoa da hutsune hori pediatrian eta medikuen kasuan. Eskualdean pediatrian dauden zortzi lanpostuetatik erdietan bakarrik daude hizkuntza-gaitasuna egiaztatutako langileak, etxean soilik euskara jaso duten haur asko dauden bitartean Tolosaldean; haurrek medikuarekin ongi ez ulertzea eta behar bezala adieraztea eragozten die horrek etxeko txikienei. Sendagileen kasuan, Asuncion klinikako medikuen %16,5ek bakarrik dute hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta. Datu honek adierazten du Asuncion klinika dela Osakidetzaren sare osoko zentrorik erdaldunena medikuei dagokionez. Egoera horiek, hizkuntza-eskubideen urraketa nabarmena adierazten dute.
Egoera honek argi erakusten du Tolosaldeko osasun zerbitzuak esku-hartze berezia eta urgentea behar duela. Ez da onargarria eskualdeko biztanleek jasotzen duten arreta hizkuntzaren ikuspegitik, eta argi dago egoera hau birbideratzeko plan integral baten beharra dagoela, ahalik eta azkarren herritarren eskubideen urraketa larri horiek amaitzeko.
Beraz, Galtzaundi Euskara Taldeak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Asuncion Klinikari eskatzen die egoeraren berehalako analisia egin, eginbeharreko aldaketen plana diseinatu eta berehala eskuhartzeko. Aurrera begira, Osakidetzan martxan dagoen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eskualdeko osasun sare guztian (Asuncion klinikan ere bai, eskualdeko biztanleei osasun arreta bermatzeko akordioa dagoenez gero) inplementatu behar da eta horren jarraipena nork eta nola egingo duen definitu ere bai. Osasun arreta euskaraz jasotzea gure eskubidea da eta guztiz normalizatuta egon beharko luke dagoeneko Tolosaldean.