Estres linguistikoa nola arindu aztertzeko talde-ikerketa egin du Galtzaundik

‘Euskahalduntze taldeak sortzen, tokian tokiko euskara elkarteen zeregin berria?’ izeneko ikerketa osatu du Galtzaundi Euskara Taldeko teknikari Imanol Artolak. Ikerketaren funtsa izan da aztertzea estres linguistikoa murriztea ote dakarren ahalduntze prozesuan dauden euskaldunak taldean biltzeak. Horrela, partehartzaile bakoitzak bere ahalduntze dinamika hasi du eta taldean partekatu ditu sentsazioak eta iritziak astez aste. Bost aste eta sei saiotan burutu da ikerketa eta astero-astero, bakoitzak sentitu duenaren inguruan hitz egin eta hurrengo asterako helburuak jarri dituzte parte hartzaileek. Ikerketak ondorio argia atera du: bost astez jarraikortasunez bilduta ahaldundu dira euskaldunak, beraien estres linguistikoa gutxiagotu da eta bizi kalitatea ere aldatu zaie.

 DESKARGATU IKERKETAREN TXOSTENA HEMEN

Ikerketan zehar, bertako partaideek bizi dituzten egoeren inguruan eztabaidatzeko eta ikasteko tartea ere izan dute. Hainbat gai landu dira taldean: pertsona ezezagun bat gaztelaniaz hitz eginez etortzean izaten diren erreakzioak, euskara erabat ulertzen ez dutenekin eman daitezken egoerak, bakoitzaren ohiturak, etab.

Garrantzitsua da horrelako ikerketak taldean egin eta beste partaideen iritziak jaso eta horietaz ikastea. Taldean elkartzeak asko lagundu die parte hartzaileei, batez ere norberak kontatzea baino interesgarriagoa izan baita besteek esaten duten hori norbere emozioekin barneratu eta ulertzea. Horrela, gainera, hurrengo asterako erronka berriak ezartzerako garaian, partaideak indarberrituta sentitzen ziren.

2 thoughts on “Estres linguistikoa nola arindu aztertzeko talde-ikerketa egin du Galtzaundik

Comments are closed.