Urriaren 23tik azaroaren 11era bitartean egongo da Errigorako saskiak eskatzeko aukera. Herriak egiten du herria izango da 2021eko Nafar hegoaldeko uzta kanpainaren leloa. Bertan, Nafar hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako 3 saski eskainiko dira eta horien balioaren %25a zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.
Aurten, saski bakoitzeko diru gehiago bideratuko dute Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzara. Saskien balioaren %25a joango da diru-ekarpen hori osatzera eta saskien balioa 5 euro igota, ekarpena ere handiagoa izango da. Errigora, Ikastolen Elkartearekin, AEKrekin eta Sortzenekin elkarlanean egiten da, beraz kanpainak uzten duen diru-ekarpenaren zati handiena hegoaldeko ikastolei, AEK-ren euskaltegiei eta zonaldean sare publikoan D eredua indartzeko Sortzenen dinamikei bideratuko zaie. Horrez gain, ekarpenaren beste zati bat, Errigorak sortutako Agerraldia ekimenari bideratuko zaio. Euskarari hauspo berria ematera dator mugimendua eta irabaziekin, euskararen ezagutza bultzatu, erabilera sustatu eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko ekintza praktikoak bultzatzea du helburu.
Errigora ekimenak aurretik bide laburra badu ere, 2013tik 1.400.000 euro baino gehiago bideratu ditu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak laguntzera. Baita aldi berean diru ekarpen hori, elikadura modu burujabe batean kontsumitzearen aldeko pausuak emateko ere baliatuz.
Saskiak, eskualdeko 16 herrietan jasotzeko aukera egongo da, aurreko urtean baino lau herri gehiagotan (Abaltzisketa, Amezketa, Berastegi eta Lizartza).
SASKIAK
Saski beltza – betikoa
55€
Produktuak: orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, oliba-olio birjina estra, botila ardoa, melokotoia almibarrean, melokotoi marmelada, potxak, teilak, mahats-zukua, piper-mamia, kardua + 2022ko egutegia.
Saski berdea – ekologikoa
65€
Produktuak: orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, oliba-olio birjina estra, botila ardoa, ardo-ozpina, dilista lehorrak, arroza, pasta, barazki-menestra, sagar-zukua, teilak + 2022ko egutegia
Saski zuria – berezia
75€
Produktuak: orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, oliba-olio birjina estra, botila kriantza, ardo zuri apartsua, patxarana, pikillo marmelada txokolatezko zigarretak, patxaran-pastak, polboroiak + 2022ko egutegia
Saskiak nola eskatu
Eskualdean, saskiak online eskatu beharko dira. Nahi adina saski aukeratu ostean, zure datuak sartu eta saskia jasotzeko gunea aukeratu beharko duzu (gune bakoitzak saskiak jasotzera joateko bere data eta ordutegia izango du). Hauek dira eskualdeko aukerak:
Saskiak non jaso
*Gune bakoitzak saskiak jaso ahal izateko egun eta ordutegi desberdinak izango ditu. Hau eskaera egiterakoan jakinaraziko zaizue, web orrian edo email bitartez.
Abaltzisketa : Ekilore denda
Aduna: Kultur Aretoa
Alegia: Gaztetxea
Alkiza: Udaletxea
Amasa-Villabona: Gaztetxea
Amezketa: Zazpi Itturri Elkartea
Anoeta: Anoetako Herri Ikastola
Asteasu: Udaletxea
Berastegi: Udaletxea
Ibarra: Uzuturpe Ikastola
Irura: Irurako Ikastola
Larraul: Udaletxea
Lizartza: Udaletxea
Orexa: Ostatua
Zizurkil: herriBIZIgune
Tolosa: ELA