Jaime Altuna eta Josu Ozaita izango dira protagonista Sormenetiken

Udazkeneko saioa egingo du urriaren 2an Sormenetikek. Oraingoan, Jaime Altuna Ramirez eta Josu Ozaita Azpiroz antropologoak izango dira protagonista. Saioa 12:00etan hasiko da, Tolosako Zerkausiko azpialdean TAK arraun klubak duen gunean. 

Jaime Altuna Ramirez eta Josu Ozaita Azpiroz antropologoek 2015ean Juan San Martin ikerketa-beka jaso zuten Eibarko Udalaren eta UEUren eskutik. Beka horren emaitza da “Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen Gau, Halloween eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa”. Lan honetan urriaren 31a iluntzean sortzen ari diren ospakizun berriak aztertu dituzte. Festa zaharrek ere bizirik diraute hainbat ibarretan.

Altuna eta Ozaita adinekoekin mintzatu dira eta ikusi dute kalabazekin eta kandelekin jolasteko ohitura Euskal Herri osoan zabaldua zegoela antzina, Europa osoan bezala. XX. mende erdian erabat desagertu zen erritu hori gurean. Umeen kontu bezela aipatzen zuten eta ez zioten garrantzirik ematen. Azken hamarkada honetan, umeekin batera, kalabazen jolas hori oinarri hartuta, Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzen hasi dira herri ugaritan, beldurra, mozorroak eta iluntasuna erabiliz. Hau horrela, udazkeneko Sormenetik saioan, garrantzitsua iruditu zaigu Gau Beltzaren inguruko bizipenak gurera ekarriz ospakizuna gureratzen hasteko.

Zer da Sormenetik?

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetiken bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du, pintxoak dastatu eta bestelako kultur espresioak aldi berean ikustearekin batera.

 

Jaime Altuna eta Josu Ozaita izango dira protagonista Sormenetiken 3