Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren aurkezpena

    • Euskararen historia soziala ikertuko du Galtzaundi Euskara Taldeak Tolosaldean.
    • Hiru urteko proiektua da eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker garatuko da.
    • Irakaskuntzan, kulturgintzan, kalean, gizarte taldeetan nahiz instituzioetan euskarak izandako bilakaera aztertuko du lanak, hiru epealditan.

Azken mendeetan zehar, euskarak Tolosaldean izan duen bilakaera aztertzeko ikerketa jarri du martxan Galtzaundi Euskara Taldeak eta proiektuaren nondik norakoak aurkeztu dituzte Tolosan. Haritz Azurmendi Galtzaundiko ordezkari eta ikerketaren arduradunarekin batera aurkezpenean izan dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Foru zuzendaria Garbiñe Mendizabal, eta  Tolosako eta Alkizako alkate Olatz Peon eta Iñaki Irazabalbeitia, hurrenez hurren.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, egitasmoaren “garrantzia eta balio berezia” azpimarratu ditu. “Euskararen sugarrak, oztopoak oztopo eta gorabeherak gorabehera, bizirik eta indartsu iraun du belaunaldiz belaunaldi Tolosaldean azken hamarkadetan. Euskaltzaletasun aktibo hori, gainera, Gipuzkoa eta Euskal Herri osorako erreferentzia eta akuilua izan da. Horren atzean dauden pertsonak, haien bizipenak, iritziak eta testigantzak jasotzea sakontasun handiko ekarpena da”, adierazi du. Batetik, bere ustez, “herri gisa dugun izaeraren eta historiaren funtsezko atal bat” azaleratzea dakarrelako berekin, hamarkada askotan “zokoratua eta estalia izan dena”, gainera. Bestetik, erakundeak eta euskalgintza elkarlanean “etorkizunera begira euskararen erabilera indartzeko ahalegin betean” ari diren honetan, iraganean izandako “esperientzia eta historiaren” berri izatea “ezinbestekoa” delako.

Haritz Azurmendik azaldu ditu ikerketari buruzko xehetasunak agerraldian. Azurmendiren hitzetan, “lan handia, polita eta, batez ere, beharrezkoa hartu dugu Galtzaundin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Tolosaldeko historiari euskaratik begiratzeko. Euskarari dagokionean ere, eskualde interesgarria baita Tolosaldearena: jakina da herritar gehienen artean euskara izan dela denbora luzez eguneroko hizkuntza, baina azken mendeetan Tolosako eta Villabonako kaleetatik desagertzeko zorian egon dela ere ezagun da”.

Ikerketak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du eta horri esker hiru urtetan banatuko da ikerketa aldia. Beraz, proiektua hiru fase ezberdinetan banatuko da:

    • 1936ko gerra hasi zenetik XXI. menderaino doan epealdia (bizi direnen testigantzak jasoaz). Aurten gauzatzen ari dena.
    • Euskal Pizkundea eta Karlistadak ardatz hartuta, 1833tik 1936ra doan denbora tartea.
    • 1833tik atzerako epealdia.

Lehen fasean, elkarrizketak egin, protagonisten hitzak gorde eta baimena ematen duten kasuetan hauek grabatzea  da puntu garrantzitsuenetariko bat. Azurmendik gainera, ondoren, lekukotza horiek etorkizunerako material interesgarri moduan gordeko liratekeela aipatu du. Hau horrela, zuzeneko lekukotzak grabatzeaz gain, lan bibliografikoarekin eta artxiboko informazioarekin, garaiko euskararen egoeraren irudia osatzea da asmoa. Horretarako, batez ere lau esparru ikertuko dira:

    • Irakaskuntza eta alfabetatzea: euskararen lekua eskola eredu desberdinetan, helduen alfabetatze bideak…
    • Kulturgintza eta artea: gerra garaiko kulturgileen jazarpena, lehen bertso sariketak, antzerki taldeak, eskualdeko kazetaritza…
    • Gizarte Taldeak eta kaleko giroa: berariaz edo bide batez euskararen aldeko lana egin dutenak, garaiko egoera soziolinguistikoaren berri eman dezaketen datu eta testigantzak.
    • Instituzio publikoak eta eragile soziopolitikoak: udaletako eta eskualde mailatik goragoko erakundeetako jarduna, mugimenduena eta politikoena.

Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketak gainera, lehenago eginda dauden ikerketa ezberdinekin lotura sortuko du. Herri bat baino gehiagotan egin izan baitira antzeko ikuspegiko ikerketak. Baita Aranzadi Zientzia Elkarteak, ikastolek eta gainerako eskolek, hainbat udalek edo norbanakoak argitaratutako lanak ere. Zer esanik ez, ‘Euskal Herriko Ahotsak’ egitasmoak jasota dituen herriz herriko testigantzak ere.

Herritarren parte hartzea eta ekarpenetarako aukera

Azurmendik gainera argi utzi nahi izan du ikerketan elkarlanak eta herriaren parte hartzeak izango duen garrantzia, herritarrei beraien bizipen edo dokumentu pertsonalekin ikerketan laguntzera animatuz. Etxeetan gordetako informazioa, argazki zaharrak, funts pertsonalak, liburuak edota zuzenean bizitakoak partekatzera animatzen ditu herritarrak Azurmendik. Ondoren lantzen diren emaitzak berriro ere mundu guztiaren eskuetan jartzea da asmoa. Parte hartzeko bideak:

    • Emaila: galtzaundi@galtzaundi.eus.
    • Telefonoa: 943 655 004.
    • Galtzaundiren egoitzan: Nafarroa Etorbidea 6, Tolosa.

Eskualdeko errealitate desberdinen ispilu

Tolosa eskualdearen erdigune eta pasoko leku garrantzitsu izanik, Olatz Peon Tolosako alkateak garrantzia eman dio Euskararen Historia Soziala Tolosaldean proiektuari, “eskualdearen erdigune izateak, harreman askoren elkargune izatea ekarri dio Tolosari, bai eskualde mailan, baita hortik kanpora ere”. “Komunikazio eta harreman sare horretan euskarak izan duen lekua eta herritarrek izan dituzten bizipenak jasotzea gure herria ulertzeko pauso garrantzitsua” dela aipatu du Peonek. Gainera interesgarritzat jo du euskarak Tolosan azken 100 urteetan izan duen bilakaera positiboa; 1985etik 20 puntu igo baita euskararen erabilera Tolosako kaleetan. Bilakaera horri begiratzeak, jasandakoa aitortzeko eta jende askoren lana eskertzeko ez ezik, etorkizunean euskaraz bizitzen jarraitzeko formula egokiak irudikatzeko ere balioko du.

Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak eskualdean herri txikienen eragina gogoratu du, gehiengoa euskaldun ia elebakarra izanda, azokara jaisten zirenean eramaten zutelako euskara Tolosako edo Villabonako kaleetara. Herri txiki horiek euskara ikasi nahi zutenentzako inguru egokiak eskaintzeko egin duten lana ere azpimarratu du, Alkizako edo Orexako barnetegiak gogoratuz. Azken urteetan herri horietan izan diren aldaketa nabarmenak ere aipatu ditu Irazabalbeitiak: herriek biztanle berriak hartu dituzte, hizkuntz-ohitura desberdinekin etorri direnak, eta horiek euskarari ere erronka berriak jarri dizkiote. Horrelako ikerketek, hain justu, aldaketa horiek hobeto ulertzeko balio dutela esan du.

Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren aurkezpena 3

Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren aurkezpena 5 Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren aurkezpena 7 Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren aurkezpena 9 Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren aurkezpena 11 Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren aurkezpena 13 Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren aurkezpena 15