Eguzki Art ekoiztetxeak Pello Mari Otaño zizurkildarraren bizitza ardatz izango duen pelikula egin nahi du. Patxi Bisquert zizurkildarra buru duen ekoiztetxeak urteak daramatza “Ombuaren Itzala” filma gauzatzeko ahaleginetan eta Zizurkilgo Hernandorena kultur elkartearekin elkarlanean ari dira Euskal Herriko hamaika txokotan proiektua aurkeztu eta finantzaketa bideak lantzen. Izan ere, “Ombuaren Itzala”-ren finantziazioa segurtatze aldera, auzolanean alde egin dute proiektuaren bultzatzaileek, Otañok maite izango zukeen bere herri-ekimenaren izaera frogatzeaz gain, filma egin ahal izateko laguntza ezinago egokia izango litzatekeelako. Euskal Herritik Argentinaraino zabaldu nahi da pelikularen finantzaketa auzolanaren bidez. Horrela, proiektu honetan bidaide dira bertso-munduko jendea, ikastolarena, zenbait kultur-elkarterena… Argentinan ere, Euskal Etxeen Federakuntza. Filma 2021. urtean grabatzen hasi eta 2022an ikusgai egotea nahi dute.
Orain, 30.000 sarrera salduz, lortu nahi dute filma finantzatzeko beharrezkoa den diru kopurua. 10 euroan salduko dira sarrerak, presentzialki zein online, eta sarrerak orain eskuratuta, pelikula zineetan proiektatzen denerako sarrera eskuetan izango dute proiektua laguntzen dutenek. Pello Mari Otañoren figurari buruzko pelikula laguntzeko sarrerak salgai daude Galtzaundiren egoitzan eta erosketa online egiteko aukera ere badago, helbide honetan.