Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa Euskal Herri osoan. Dagoeneko, eskualdeko 24 herrik eman dute izena eguneroko hizkuntza ohituretan eragitea helburu duen ariketan parte hartzeko. Horrenbestez, Euskaraldia prestatzeko lanetan hasita daude herri horietako batzuk, eta beste zenbait irailetik aurrera hasiko dira euren herrietan ekimena zabaldu eta prestatzeko lanetan. Hauek dira 2020ko Euskaraldian izena eman duten Tolosaldeko herriak: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Tolosa eta Zizurkil.
Entitateek izena emateko deia
Aurtengo edizioko berrikuntza da entitateen parte hartzea. Beraz, norbanakoek ahobizi eta belarriprest rolak hartzeaz gain, entitateek aktiboki parte hartu ahal izango dute Euskaraldian. Horretarako, entitate barruan Ariguneak sortu ahal izango dituzte, hau da, euskaraz lasai aritzeko guneak.
Dagoeneko entitateek izena emateko epea irekita dago www.euskaraldia.eus webgunean eta irailera bitarte eman ahal izango dute izena Euskaraldian. Informazio gehiago edota laguntza behar izanez gero, jarri kontaktuan Galtzaundi Euskara Taldearekin:
- E-maila: euskaraldia@galtzaundi.eus
- Telefonoa: 943 655 004
- WhatsApp-a: 688 738 418
- Helbidea: Nafarroa etorbidea 4, Tolosa.