Irakurle taldearen online saioa ostiralean: izen-ematea irekita

Apirileko irakurle taldearen saioa online egingo  da apirilak 24, ostiralean, 17:30etan. Hasieran saioa asteazkenean egitea aurreikusi bazen ere, euskal kulturgintzako eragileen greba digitalaren deialdiarekin bat eginez, ostiralera atzeratzea erabaki du Galtzaundik. Beñat Sarasola idazle donostiarra izango da internet bidezko hitzorduaren protagonista, berak idatzitako ‘Deklaratzekorik ez’ nobela irakurleekin lantzeko. Ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du saioa.

Saiorako sarbidea izateko izen-ematea

Saiorako esteka eskuratzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, beheko formularioa bete behar da eta ondoren, emailez bidaliko da ostiraleko saiora sarbidea izateko helbidea. 20 pertsonako muga jarri da saio digitalerako eta Tolosaldean bizi diren herritarrek lehentasuna izango dute.

Nobela e-liburutegian ere eskuragai

Konfinamentu egoeran Irakurle Taldeak landuko duen irakurgaia eliburutegiaren bidez eskuratzeko aukera ere badago. Zerbitzu digital horretara sartu ahal izateko hauxe da behar dena:

  • Erabiltzaile zenbakia: liburutegiko txartelaren zenbakia, NA zenbakia da.
  • Pasahitza: Tolosako liburutegiko txartela dutenen kasuan norbere izena dena minuskulaz.
  • E-maila aktibatuta izatea

Pasahitza ez baduzue gogoan edo datuetan emaila falta bada, ez da sarbiderik izango. Horri irtenbidea emateko, jarri Tolosako liburutegiarekin harremanetan: 943 697 462 edo liburutegia@tolosa.eus. Oraingoz, ohiko ordutegian ari dira lanean: 10:00-13:00 eta 16:00-20:00. Erabiltzailea eta pasahitza lortzeko liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbidera ere idatzi daiteke.

Liburura esteka zuzena e-liburutegian

Liburuari buruzko zenbait erreferentzia hemen.

Puskatu ezin duen iraganaren zamarekin bizi da Beñat Sarasolaren lehenengo nobelako protagonista. Ez baita erraza iragana ahaztu nahi baina utzi ezin duenaren bizimodua. Militante politiko inplikatua izana gaztetan, inplikazio horren kontrakarrean bizi nahi du orain, 90etako mundu gatazkatsu harekiko destaina azalduz.

Udal liburutegian lan egiten du, lagun arteko giroa gordetzen du azaletik bada ere, gaitzak erasandako aitaren zaintzaz arduratu behar du, harreman afektibo korapilatuak ditu —bere bikoteak Madrilen egingo duen masterrak distantzia fisikoa dakarkio bestela ere arrakalatua dagoen harremanari—, eta gutxienik espero duenean atzera bere iraganera ainguratuko duen elementu apurtzailea izango da Poliziaren agerpena.

Ertz oso garratzeko protagonista dakarkigu Sarasolak Deklaratzekorik ez eleberrian, bere buruarekin eta inguruarekin bakean bizitzea lortzen ez duen pertsonaiaren bitartez egungo gizartearen erretratu bat eskainiz.