Elkar ikustea, besarkatzea, ukitzea ia ezinezkoa zaigun honetan, inoiz baino ageriago gelditu zaigu elkarren beharra daukagula: elkarrekin komunikatzeko beharra, hitz egiteko beharra. Horregatik, COVID-19 koronabirusak eragindako alarma egoeran bizitzea tokatu zaigun etxealdian inoiz baino gehiago hitz egiten ari gara elkarrekin, bai zuzenean etxean ditugunekin, eta baita teknologiaren bitartez, lagun, ezagun eta ezezagunekin ere.
Komunikatzeko, hitz egiteko, elkarrekin aritzeko behar horren oinarrian, hizkuntza dago. Horregatik, proposamena dugu zuentzako: hasiko gara hizkuntza ohiturak etxetik aldatzen?
Gaurtik hasi eta bi astez, etxean eta etxetik ditugun harremanetan (gertukoekin ditugun harreman horietan) ditugun hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu edo finkatzeko ariketa da proposatzen dizuguna. Horrela etxetik hasiko gara prestatzen azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugun Euskaraldia, euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabiltzeko.
Animatu eta parte hartu!