Itxialdiak irauten duen bitartean, etxetik taldean euskara praktikatzeko aukera zabaldu nahi du Galtzaundi Euskara Taldeak. Orain arte, Mintzalaguna egitasmoan biltzen dira hainbat herritar astero-astero ordubetez euskara praktikatzeko, baina itxialdiaren ondorioz, hitzordu horiek ezin dira presentzialki egin. Horren ordez, euskara online eta taldean praktikatzeko ‘Itxialdian euskaraz’ egitasmoa zabaldu nahi du Tolosaldean Galtzaundik. Bi profiletako jendea bildu nahi da itxialdiak irauten duen bitartean:
- Euskara praktikatu nahi dutenak.
- Euskara praktikatu nahi dutenei laguntzeko prest daudenak (euskaraz ondo dakitenak). *Azken hauek ez dute irakasle lanik egin behar; elkarrizketan parte hartu besterik ez.
Saioak bideo-deien bidez egingo dira Skype, Hangouts, WhatsApp edo antzeko tresnekin eta hitzorduak eta taldeak aurretik adostu eta koordinatuko ditu Galtzaundik. Printzipioz astean ordubete bideo-hitzorduak izango dira bultzatuko direnak, baina taldeek euren artean ere adostu dezakete maiztasuna. Konfinamendua indarrean den bitartean, itxialdia baliatu dezakegu euskara lantzeko, gozatzeko eta praktikatu nahi dutenei laguntzeko ‘Itxialdian euskaraz’ egitasmoarekin.