Garabide elkartearen eskutik, Mai da bai (eta Ezetzik ez dago) dokumentala proiektatu da Tolosako Leidor aretoan urriaren 25ean. Eskualdeko ikastetxe desberdinetako DBH4ko 400 ikasle izan dira proiekzioan eta dokumentala ikusteaz gain, Garabide elkarteko Pello Sarasuaren eta Maputxeen komunitateko kide Hernan Cayulef-en eta Martin Hernandezen eskutik azalpenak jaso dituzte ikasleei sortutako zalantzei erantzunez. Azken hauek, Garabidek antolatu duen “Hizkuntza Gidaritzari Buruzko Ikastaldia” dela eta hilabeteko egonaldia egiten ari dira Euskal Herrian eta horren baitan gauzatu dute Leidorreko proiekzioa.
Hogei urteko bizi esperantza ematen diote maputxeen mapuzugun hizkuntzari. Gaur egungo haurrak heldu bihurtzerako, hila izan daiteke. Baina halabehar horren aurka ari denik ere bada, Mapazugulentuaiñ elkartea esaterako. Biziberritze prozesu horretaz ari da, hain zuzen ere, Mai da Bai (eta Ezetzik ez dago) dokumentala. Egun Txile eta Argentinako hiztunak batuta 258.410 hiztun ditu mapuzugunak. Mapuzugun hizkuntzaren zifrak kritikoak izan arren, oraindik ere hiztun geruza garrantzitsua bada. 2007ko inkesta soziolinguistikoaren arabera, Araucaniako eskualdean 54.972 inguru dira gaitasun maila altua dutenak.