Bost urtez Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria izan den Elena Lakak lekukoa pasa dio kargua hartu duen Kike Amonarrizi, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egindako ez-ohiko Batzar Nagusian. 2014ko apiriletik izan duen ardura uzteko asmoa adierazi zuen Elena Lakak urteko lehen hilabeteetan eta azken hilabete hauetan Kike Amonarriz prest agertu da hurrengo urteotarako lehendakaritza hartzeko. Batzarrean ahobatez onartu dute bazkideek Amonarrizen hautagaitza eta kargu berriari erantzukizun eta ilusioz heldu dio Tolosaldeko Galtzaundi Euskara Taldeko lehendakariak. Euskaltzaleen mugimenduko kideei emandako konfidantza eskertuz ekin dio bere kargualdiari.
Ilusioa eta erantzukizuna
Euskaltzaleen mugimenduko kide aspaldi da eta Topagunearen sorreran parte hartu zuen Kike Amonarrizek. Batzarrean egindako hitzaldian Topagunearen sorrera garaian kide izan zituenak izan ditu gogoan. Izan ere, urriaren hasieran egingo ditu 25 urte Galtzaundi elkartetik gainontzeko euskara elkarteetara Euskal Herri mailako federazio bat osatzeko helburuz bilkura egiteko gonbitea eginez gutuna bidali zutela. Amonarrizek euskaltzaleen mugimenduarekin eta Topagunearekin lotura izan du gerora 25 urteotan ere, eta bereziki, duela zortzi urtetik berriro ere hainbat ekimenetan partaide eta bultzatzaile aritu da. Gaur egun Tolosaldeko Galtzaundi Euskara Taldeko lehendakari ere bada Kike eta kargu biak uztartuko ditu. Jarraitu batzarrari buruz irakurtzen Topagunearen webgunean.
Elena Laka eta Kike Amonarriz tokiko hedabideetan
Ttap aldizkari digitalak eta Tokikom bateraguneko 20 toki hedabidek gaur bertan argitaratu dute artean lehendakari eta hautagai ziren Elena Laka eta Kike Amonarrizi egindako elkarrizketa. Bideoan, audioan eta testuan ikus, entzun eta irakurri daiteke elkarrizketa Ttap aldizkaria sakeleko telefonoan deskargatuta (apple edo androidgailuetan) eta baita hainbat toki aldizkaritako orrialde edo webguneetan ere.