Urriaren 23an egingo du hurrengo saioa Galtzaundiren irakurle taldeak. Beti bezala, asteazkenean izango da saioa, 19:00etatik aurrera, Tolosako Kultur Etxean eta oraingoan, Irati Elorrietaren Neguko Argiak izango da landuko den irakurgaia. Elorrietaren bigarren literatur lana da Neguko Argiak, Burbuilaken ostean. Saioa Yurre Ugartek dinamizatuko du eta parte hartzea guztiz irekia da.
2019ko Euskadi Literatur Saria lortu berri du Elorrietak euskarazko literatura atalean lan honegatik. Elkarrizketa irratian. (21. minututik aurrera).
«Zer esan behar zion?», pentsatu du Añesek Berlineko bere sukaldean Xuanekin batera afaria prestatzen ari dela: «Hildako batekin egin duela azkenengoz larrutan?». Marta etorri da, karaoke bat inprobisatu, eta Pariseko Komuna gogora ekartzen duen kantua abestu du.
Eszena eta ahots franko zelatatzen ditu eleberriak, erritmo azkarreko film baten gisan. Añesen eta Martaren ibilbideak zeharkatzen dituzten hainbat pertsonaia badatoz eta badoaz, leihoetan piztu eta itzaltzen diren argiak bezala, irristan. Porrotari, erresistentziari, ihesari edota berriz zerotik hasi beharrari buruzko kontakizunak harilkatuz, leku eta denbora ezberdinetako eszenak proiektatzen dira gizatalde solte baten barne munduan. Egileak eraikitzen duen puzzle gisako horretan, pertsonaia bilakatzen dira leku batzuk: Paris, Uribe Kosta eta, batez ere, Berlin. Osagai horiekin, aldez hutsal aldez gako diren uneen friso bizia ondu du Irati Elorrietak bere bigarren liburuan.
Liburuari buruzko zenbait erreferentzia hemen.