Asteazkenean mahai ingurua egin dute Tolosaldeko batxilergoko ikastetxeetako ikasleek Tolosako Kultur Etxean. Saioaren hasieran, euren ikaskideekin batera ateratako ondorioak aurkeztu zituzten Herrikide, Laskorain eta Orixeko ordezkariek. Ondoren, Josu Artutxa eta Iñigo Otaegi kazetarien galderei erantzunez, beren iritzi pertsonala zein zen azaldu zuten Maider Lastra, Ane Elordi, Ane Antxustegietxarte, Maialen Nuñez eta Iñigo Goikoetxea gazteek.
Galtzaundi Euskara Taldeak 16-18 urte arteko Tolosaldeko gazteen kontsumo kulturala, 2019 izeneko ikerketa egin du 2019an eta bertan ateratako datuetan eta ondorioetan sakontzeko saioa izan da gazteekin egindako mahai ingurua. Ikerketa hori eskualdeko batxilergoko eta lanbide heziketako ikasleekin gauzatu da eta kultur eskaintzari eta kontsumoari buruzko datu esanguratsuak atera dira bertan.