Historia

  • Historia 1
  • Historia 3
  • Historia 5
  • Historia 7
  • Historia 9

 

Galtzaundi Euskara Taldea 90. hamarkadaren hasieran egituratu zen eta berehala ekin zien Galtzaundik bere helburuak betetzeko ahaleginei. 1991. urteko maiatzaren 26an kaleratu zen Galtzaundi aldizkariaren 0 alea eta 22 urtez jarraian argitaratu zen. 2013. urtean, Galtzaundi aldizkariaren 389. alearekin agurtu zen aldizkaria, Tolosaldeko Ataria komunikazio proiektura batuz.

2003. urtetik aurrera, bailarako pertsona edo erakundeak goraipatzeko Eskerrak zuri aipamena sortu zuen Galtzaundi Euskara Taldeak. Kultura arloan, kirolean nahiz gizatasunaren esparruan isilpean egiten den lana aintzakotzat hartzeko jarri zen martxan aipamena eta Tolosaldeko talde eta pertsona ugari izan ziren sarituak.

Martxaundi ekimena ere jarri zuen martxan Galtzaundi Euskara Taldeak 90eko hamarkadan. Euskal musikagintzari eta eskualdeko talde eta musikari hasiberriei laguntzeko asmoz sortu zen musika egitasmo hori. Martxaundiri esker, Tolosaldeko talde eta musikariek kantuak grabatu eta hainbat talderen abestiekin osatutako diskoa argitaratzeko parada zuten. Lau urtez behin antolatzen zen eta guztira, bost edizio disko kaleratu ziren egitasmoaren baitan.