Ikasturte berriari begira Tolosaldeko Ahozko Sormen Tailerra jarri dugu martxan Galtzaundi Euskara Taldeak eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Ekainean aurrematrikula egiteko aukera izan zuten ikasleek eta orain matrikulazio epea zabaldu dugu irailaren 28ra arte.
12 eta 18 urte arteko (DBH eta Batxilergoa) gazteei zuzendutako tailerra da AST. Astean ordubeteko saioa izango da Tolosan; urrian hasiko da ikasturtea eta maiatzera arte iraungo du. Sormen eskolako edukiak bost generotan banatuko dira: antzerkigintza, bertsolaritza, kantagintza, dantza eta ipuin kontalaritza.
Bost espezialitateak landuko dituzte ikasle guztiek ikasturtean zehar eta klaseak astelehen edo astearte arratsaldeetan izango dira, hilabeteen arabera:
• Urria, otsaila, martxoa, apirila eta maiatzean: astelehenetan. 17:00etatik 18:15era.
• Azaroa, abendua eta urtarrilean: asteartetan. 17:00etatik 18:15era.
Jakintza arlo bakoitzak gaian espezializatutako irakasle propioa izango du:
- Antzerkigintza: May Gorostiaga (Intujai Teatroko kidea).
- Bertsolaritza: Mikel Artola (Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kidea).
- Kantagintza: Garazi Jauregi (Lorratzak musika taldeko abeslaria).
- Dantza: Eneritz Ugartemendia (Oinkari dantza taldeko kidea).
- Ipuin kontalaritza: Maider Galarza (Ipuin kontalaria).
ASTren prezioa 30 eurokoa da hilabetean (kurtsoa 240 euro) eta matrikula egiteko epea irekita dago irailaren 28a bitarte.