Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua

Alegiako udaletxeko pleno aretoan bildu dira eskualdeko hainbat eta hainbat elkarte eta erakunderen ordezkariak. Horietaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere bertan izan dira Tolosaldeko Euskararen Mahaiarekin hartutako konpromiso adierazpena gizarteratzeko agerraldian. Eskualdeko euskara teknikarien ordezkari Idoia Olanok eta Manuel Larramendi Bazkunako Joxin Azkuek irakurri dute, momentuz, Tolosaldeko 42 eragilek sinatu duten konpromiso adierazpena. Horren ondoren, ekitaldia gidatu duen Garikoitz Goikoetxearen galderak erantzuten izan dira Tolosaldeko Euskararen Mahaiko lan-taldean aritu diren lau kide: Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Garbiñe Mendizabal, UEMAko zuzendaritza batzordeko Amaia Azkue, Galtzaundi Euskara Taldeko ordezkari Xabier Bengoetxea eta berdintasun gaietan aditua den Lorea Agirre. Tolosaldeko Euskararen Mahaiaren prozesuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren (Hizkuntza Berdintasuna eta Etorkizuna Eraikiz estrategia) eta Eusko Jaurlaritza-HPSren babesa du.

Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 3

Jarraian martxoaren 28ko ekitaldian gizarteratutako eta erakundeek babestutako adierazpena:

TOLOSALDEKO EUSKALGINTZAREN GOBERNANTZA EREDU BERRIA

TOLOSALDEKO EUSKARAREN MAHAIA

(adierazpena)

Tolosaldeko herritar gehien-gehienak euskaldunak gara: eskualdeko biztanleen %75 euskal hiztunak gara, beste %10ek ulertu behintzat egiten dute, eta belaunaldi gazteenak unibertsalizazioaren mugan daude. Euskal Herriko zonalde euskaldunenen artean jartzen gaitu horrek, eta hori, gure ustez, harrotasunez ez ezik, erantzukizunez hartu behar dugu. Globalizazio garaiotan, hiztun komunitate txikiok behartuta gaude ahalegin berezia egitera, eutsi ez ezik gure hizkuntzen etorkizuna bermatzeko. Geure egoeran, posible da Tolosaldean euskara harremanetarako, gozamenerako eta lanerako hizkuntza nagusia izatea, erabateko unibertsalizazioa lortzeko urratsak egitea eta, horrela, hizkuntzen indarberritze eta normalizazioan erreferente izatea, benetako arnasgunea euskararentzat. Baina ausardiaz, koherentziaz eta eraginkortasunez jokatzea eskatzen digu horrek. Azken hamarkadetako lorpen izugarriak gutxietsi gabe, zera dagokigu: euskalgintzaren ibilbidearen irakurketa kritikoa egitea, lan esparru partekatuak eraikitzea, jomugak adostea, eta norabide berean jardunez herritarrei harrotasun eta erantzukizun hori transmititzea.

Soka mutur horri, non hari mutur asko txirikordatzen diren, heldu dio 2018an zehar gai horretan sakontzen aritu den Tolosaldeko Euskararen Mahaia sustatzeko lantaldeak. Hor elkartu gara euskalgintza instituzionalaren eta sozialaren sentsibilitateak eta lan ereduak, eta ondorio nagusia izan da urrats sendoak egin behar direla euskararen etorkizuna bermatzeko, eta euskara eskualdeko hizkuntza nagusia izatea helburu duen gobernantza eredu berritzaile eta erreferentziazkoa eraikitzeko. Jorratu eta sakondu beharreko kontzeptu hauek ditugu aurrez aurre: euskalgintza instituzionalaren eta sozialaren arteko elkarlana, eskualde ikuspegia, estrategia eta helburu komunak, berdintasuna eta zeharkakotasuna, eta eraginkortasuna eta lidergo partekatua. Guztiak, xede honen zerbitzura: TOLOSALDEAN EUSKARA HIZKUNTZA NAGUSIA IZATEKO ESTRATEGIA BERRITZAILE ETA INKLUSIBOA.

Hitz gutxitan azaldutako gogoeta hori eta bere baitan hartzen dituen ekimenak, pasa den urrian eta abenduan egin ziren bi batzarretan xeheki aurkeztu zitzaizkion eskualdean gauzatzen diren hizkuntza politika desberdinen eragileen ordezkaritza zabalari. Eta berretsiak izan ziren.

Gaur hemen elkartu gara ADIERAZPEN HONEKIKO ATXIKIMENDUA AGERTZEKO eta KONPROMISO HAUEK BERRESTEKO GIZARTEAREN AURREAN:

1. Tolosaldea eskualdeko Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkil udalerrietan -horietako batean, batzuetan edo guztietan- euskararen etorkizuna bermatzeko jarduerak sustatzeko, garatzeko edo babesteko erantzukizuna dugula, legez ezarria edo, eta batez ere, geure desioz onartua.

  1. Bat egiten dugu eskualde ikuspegiko hizkuntza plangintza diseinatu eta aitzineratzeko euskalgintza instituzionala eta sozialaren bilgunea, hau da, Tolosaldeko Euskararen Mahaia, eratu eta indartzeko asmoarekin.
  2. Bat egiten dugu Tolosaldeko Euskararen Mahaiak izango dituen Misio eta Helburuekin:
    1. Misioa: Tolosaldean euskara indarberritu eta bere erabilera normalizatzea, berdintasun eta aniztasun balioen oinarrietatik, benetan komunikazio eta kohesio hizkuntza nagusia izan dadin bere lur-eremu osoan.
    2. Helburu estrategikoak:
      1. Gobernantza eredu berri bat oinarri eta sostengu duen eragile instituzional, sozial eta kulturalen elkargune eta erabakigunea antolatzea.
      2. Eskualde mailako hizkuntza politika definitzea.
      3. Normalizazio erreala lortzeko baliabideak adostu eta abian jartzea.
      4. Gizarte esparru guztietako eragileekin elkarlana bermatzea, euskara bereneguneroko jardunean hizkuntza nagusia, komuna, izan dadin.
    3. Helburu estrategikoak:
      1. Bizikidetza eremu zabalean (generoa, aniztasuna, integrazioa …) inklusio bidea egiteko diskurtsoa eta metodoa landu eta garatzea.
      2. Garapen sozio-ekonomikoarekin uztartzea.
      3. Bizitza sozio-kulturala euskaraz izan dadin ahalbidetzea.
  3. Gertu gaude Tolosaldeko Euskararen Mahaiaren egikaritzeko prozesuan parte hartzeko eta lankidetza eredua honetan sakontzeko, gure presentzia beharrezkoa den foro edo lan- mahaitan parte hartuz, gure esperientzia edota hizkuntzaren normalizaziora bideratutako baliabide teknikoak egitasmoaren zerbitzura jarriz, edota, hala badagokigu (Udalak, Gipuzkako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza) proiektu hau eta bere baitan adostutako ekimen zehatzak ekonomikoki sustengatuz.
  4. Edonola ere, hartutako konpromiso hauek ez dute murrizketarik edo kalterik eragin behar ordezkatzen dudan erakundearen autonomian eta egitekoetan, eta konpromiso hau indartuko da egitasmo bateratuak gauzatzen diren heinean, baliabideak optimizatzen diren heinean, eta jarduera eraginkorragoa eta errentagarriagoa den heinean.

 

KONPROMISO ADIERAZPENA ONARTU DUTEN ERAKUNDEAK:

TOLOSALDEKO UDALAK: Abaltzisketa, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Elduain, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Amasa-Villabona eta Zizurkil.

Datorren asteetan egingo diren plenotan tratatuko dute beste hauetan: Aduna, Belauntza, Berrobi, Bidania-Goiatz, Hernialde eta Ibarran.

HEZKUNTZA ZENTROAK: Tolosako Herrikide Kristau eskola, Laskorain Ikastola, Orixe Institutuak eta Sanmaniego eskola publikoa; Tolosaldeko Lanbide Eskola, Inmakulada Lanbide Ikastola, Don Bosco LHII, Anoetako Ikastola, Irurako Ikastola, Ibarrako Uzturpe ikastola, Alegiako Aralar Institutua eta Zizurkilgo San Milan eskola txikia.

ALFABETATZE-EUSKALDUNTZE ZENTROAK: Andoaingo AEK eta Tolosako Aitzol Udal euskategia.

ESKUALDE IZAERAKO ELKARTEAK: Manuel Larramendi Bazkuna, Galtzaundi Euskara Taldea eta Harituz Bertsozale Elkargunea.

KOMUNIKABIDE ENPRESAK: Tolosaldeko Momunikazio Taldea (Tolosaldeko Ataria), Tolosaldeko Komunikabideak (28 Kanala) eta Erroizpe (Aiurri).

GARAPEN AGENTZIA: Tolosaldea Garatzen.

MANKOMUNITATEA: UEMA.

Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 5 Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 7 Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 9 Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 11 Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 13 Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 15 Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 17 Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 19 Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 21 Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 23

Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 25

Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 27

Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 29 Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 31 Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 33 Martxan da Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko prozesua 35