Garabide elkarteak eta Tolosako udalak elkarlanean antolatuta, Munduko hizkuntza gutxituak etxean: zer dugu elkarrengandik ikasteko? hitzaldia eskainiko da azaroaren 21ean, asteazkena, Tolosako Kultur Etxean. Saioa arratsaldeko 19:00etan izango da eta horretarako, Garabideko Julen Larrañagak gidatuta, Francisca Sanchez Romero Bolibiako guarani hizkuntza komunitateko ordezkaria, Milouda El Hankari Rifeko Amazigh herriko ordezkaria eta Kike Amonarriz soziolinguista bilduko dira hizkuntzaren egoera azaldu biziberritzearen aldeko ekimenak azaltzeko. Lehenik mahai-inguruan arituko dira eta ondoren, elkarrekin hizketan aritzeko tarte irekia izango da, nahi beste galdera egin eta beste horrenbeste esperientzia partekatzeko.
Bi urtetik behin antolatzen du Garabide elkarteak bere formazio proiektu nagusia: Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa, hau da, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzeko formazioa. Aurten irailaren 24tik abenduaren 16ra, hamabi hizkuntza gutxitutako aktibista diren hogei indigena daude Euskal Herrian, bai unibertsitatean klaseak jasotzen, bai euskalgintzako eragileengana bisita didaktikoak egiten eta baita herriz-herrikako biran ere. Testuinguru honetan elkar ezagutzeko tarte bat hartu nahi dute Tolosan, Galtzaundiren babesarekin, asko baitaukagu elkarrengandik ikasteko.
Garabide Elkartea kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Zehazki, lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu euskararen esperientziatik abiatuta eta Tolosako Udalak urteak daramatza bere jarduna babesten.
Munduko hizkuntza gutxituak etxean: zer dugu elkarrengandik ikasteko? hitzaldia
Eguna: azaroak 21, asteazkena
Ordua: 19:00
Lekua: Tolosako Kultur Etxea